Otsailaren 8an, Eguen Zuri egunean, Eibarko ikastetxeetako kalejira egingo da, 15:15ean hasita. Ikasleek herriko kaleetatik desfilatuko dute, Eibar Inauterietako giroan murgiltzeko. 17:00etan Jainaga eta Narbaiza trikitilariak kalejiran irtengo dira Urkizutik Untzagaraino. Untzagara iristean, Liskerren erromeria hasiko da; 17:00etatik 19:00etara makillaje- eta maskara-tailerrak egongo dira Astixa aisialdiko zerbitzuaren eskutik. Eguen Zuri eguneko ekitaldiak Casa Galizia-n amaituko dira, 19:00etatik aurrera egingo den mozorro-lehiaketarekin.
Barixakuan Kaldereroen desfilea egingo da. Kalejira 20:00etan Urkizun hasi eta Untzagan amaituko da. Bertan hainbat taldek hartuko dute parte: Kezka Dantza Taldea,…Eta kitto!, Txolarte, Ustekabe fanfarrea, Musika Eskolako trikitilariak, Lagun Taldea, Untzagako jubilatu-etxeko abesbatza, Kaleetan Kantuz eta Jainagaren trikitixa-eskola. Eta kitto elkarteak eta Kezka Dantza Taldeak antolatuta, eguna Aratosteetako pregoiarekin amaituko da, 20:30ean Errebalen.
Zapatuan photocall bat jarriko da Untzagan, 12:30ean (14:30era arte). «Rock kalean» emanaldia hasiko da, Eibarko kaleak musikaz betez, eta kuadrilen desfilea ere egingo da. Ustekabe fanfarreak lagunduta, desfilea Untzagatik hasi, eta Kalbetoi, Bidebarrieta, Julian Etxeberria eta Toribio Etxebarria kaleetatik igaroko da. Parte hartzeko interesa duten kuadrillek otsailaren 8ra arte eman dezakete izena, https://formularioak.eibar.eus/eu/aratosteetakokuadrillenkaleiira2024 webgunean izango den formularioaren bidez.
Larunbat arratsaldean, Errebal kalean 16:30etik 19:30era puzgarriak egongo dira umeentzat eta berbena bat Untzagan Mugi Panderoa taldearekin 19:00etatik 21:30era bitartean. Gainera, 19:00etatik aurrera, Rock Brass Band taldeak girotuko ditu herriko kaleak eta beste photocall-saio bat egongo da Untzagan 21:00ak arte. 19:30ean, kuadrillen desfileko irabazleei sariak entregatuko zaizkie, eta baita kartelen eta tabernen irabazleei ere. Eguna amaitzeko Mugi Panderoak berriz ere joko du Untzagan 23:00etatik 1:30era.
Domekan, Usartza Txistulari Bandak kalejira bat egingo du 11:00etatik aurrera, eta arratsaldean playback-lehiaketa bat egingo da Untzagan 17:00etan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleentzat, …eta Kitto! elkarteak antolatuta, eta 18:30ean Arno DJ-aren emanaldia.
Martitzenean, otsailak 13, Errebalen haurrentzako jolasak egongo dira 17:00etatik 18:30era bitartean. Ordu horretatik aurrera, eta Jainagaren trikitilari taldearekin, amaiera emango zaie Aratosteei sardina txikiaren entierruarekin.