Udalak, gaurtik aurrera, bere esku dauden kultur-jarduerak eta ekitaldi ludiko guztiak bertan behera utzi eta udal instalazioak ere itxi egingo ditu

Datozen hamalau egunetan egongo da indarrean neurri hau, Coliseo antzokiari, kiroldegiei edo udal eskolei eragiten diena, Bozeramaileen Batzordeak hala erabakita. Miguel de los Toyos alkateak baieztatu du Eibarren ez dagoela koronabirus kasurik eta herritarrei erregutu die “erantzukizunez jokatzea eta gomendioak betetzea”.

Eibarko Udalak, koronabirusa hedatzen ari dela ikusita eta adituen gomendioak aintzat hartuta, prebentzio-neurri batzuk hartu ditu. Gaur eguerdiko 12:00etan jarriko dira indarrean, eta datozen hamalau egunetan izango dute eragina. Neurri horiek, oinarrian, Udalaren eskumenekoak diren jarduerak bertan behera uztea dute ardatz nagusi. Besteak beste, jarduera kulturalak eta ludikoak, ikastaroak, kirol instalazioak ixtea eta merkadilloak edo tabernetako terrazak bide publikotik kentzea.

Miguel de los Toyos alkateak neurri eta gomendio hauen berri eman du prentsaurrekoan. Koronabirusa Espainian antzeman zenetik, eta Euskadin lehen kasuak agertu ondoren, Udalak gaitzaren jarraipena egin du eta prebentziozko gomendioak eman ditu. Martxoaren 5ean, udal langileentzako oinarrizko neurriak dakartzan barne-zirkular bat eman zen ezagutzera; eta, aldi berean, Udala adi zegoen gaixotasunaren bilakaerari.

De los Toyos alkateak azaldu du, Debabarreneko ESIak atzo hauxe jakinarazi zuela: eskualde honetan ez dela koronabirus kasurik atzeman, beraz, Eibarrek ez duela horren eraginik izan, oraingoz. Horrek ez du esan nahi prebentzio-neurriak hartu behar ez direnik.

Eusko Jaurlaritzak, asteazkenean, jubilatuen zentroak ixteko gomendioa eman zuen; atzo, ikastetxeetako eskola-jarduera bertan behera utzi zuen. Hori ikusita, Udalak, atzo bertan, batzorde tekniko bat eratu zuen Udalaren eskumeneko jardueretan neurri berriak jorratzeko. Batzorde horrek proposatutako prebentzio-neurriak atzo arratsaldean jakinarazi zitzaizkion Udaleko Bozeramaileen Batzordeari; hark onartu egin zituen eta hainbat ekarpen egin zizkion. Alde horretatik, alkateak nabarmendu du  “erabaki hauek udal talde guztien onespena eta batasuna jaso dutela”. Alkateak eskertu nahi du erantzukizun instituzionaleko jokabide hori.

Erabakiaren arabera, bertan behera gelditzen dira Udalaren eskumenekoak diren honako jarduera hauek: Zeramika Eskola, Marrazki Eskola, Musika Eskola, Liburutegia, Museoa, Ludoteka, Afariketan programa, Euskaltegia, Gazteleku, eta haurrentzako jarduerak Astelenan (txiki-park).

Bertan behera gelditzen dira, halaber, Udalak antolatutako edozein ikastaro eta jardunaldi, hala nola Eibarko Antzerki Jardunaldiak (gaur, ostiraleko saioa barne); konpainiekin aztertuko da atzeratutako emanaldiak beste data batzuetan egiteko aukera. Nolanahi ere, erabiltzaileei aldez aurretik ordaindu duten dirua itzultzeko prozedurak ezarriko dira, bai jarduera hauetan bai beste batzetan ere. Laster emango da horren berri, sarrerak erosi dituzten erabiltzaileek dirua erreklamatu ahal dezaten, eta nola itzuliko zaien jakin dezaten.

Coliseo antzokia itxi egingo da zinema-emanaldietarako; beraz, bertan behera geratuko dira bai zine-saioak baita merkadilloak ere. Bide publikoaren okupazioari dagokionez, ostalariei eskatzen zaie terrazak erretiratzeko; itzuli egingo zaie haiek jartzeagatik ordaintzen diren tasen zati proportzionala, edo konpentsatu egingo zaie hurrengo urteetan.

Hartutako beste neurri bat da Kirol Patronatuaren instalazio guztiak ixtea; alegia, Ipuruako kiroldegia, Orbeako kiroldegia, Unbeko gunea eta Astelena frontoia. Ondorioz, instalazio horietan antolatutako kurtso, ikastaro eta gainerako jarduerak eten egingo dira.

Udalaren beraren instalazioei dagokienez, metakrilatozko pantailak jarriko dira jende asko dabilen lekuetan, adibidez, Pegoran edo Gizarte Zerbitzuetako arloetan. Halaber, bakterioen aurkako gelak egongo dira Pegorako sarreran. Kartelak jarriko dira higiene-gomendioekin eta erabakien laburpenekin gune publikoetan eta Eibarko etxebizitza-eraikinen pegoretan.

Neurri horiek guztiak gorabehera, Miguel de los Toyos alkateak eskatu du “erantzukizunez jokatzeko birusaren aurkako prebentzio-neurriak hartzeko eta gomendioei kasu egiteko; eta, ahal dela, ez egiteko premiazkorik ez den udal tramiterik”. Udalak berak, barrura begira, saiatuko da bilerak ahalik eta gehien murrizten.

“Bai Udalak bai beste erakunde batzuek hartutako neurriak, eta herritarren erantzukizuna, gakoak izango dira gaitzak aurrera egin ez dezan eta jarraitu ahal dezagun Eibarren koronabirus-kasurik edukitzeke”, adierazi zuen alkateak.